Irungo Garapen Ekonomikoa eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorra - Eskualdeko enpresetan laneko arriskuen segurtasuna eta prebentzioa sustatzea

ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.


ORRIAREN BURUA

Acuerdo General por el Desarrollo Económico y el Empleo de IrunIrungo Garapen Ekonomikoa eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorraren logotipoaIrungo Garapen Ekonomikoa eta Enpleguaren aldeko Akordio Orokorra

LAGUNTZARAKO MENUAK:

Hizkuntza aukeratzeko menua:

Utilitate-menua:


ORRIAREN EDUKI NAGUSIA


ORRI HONEN BIDE-IZENA



Eskualdeko enpresetan laneko arriskuen segurtasuna eta prebentzioa sustatzea

Gazteak lanean kaskoekin

Enplegua sortzeaz gainera, enpleguaren aldeko Akordio orokor honen beste helburu nagusietako bat dagoen enpleguaren eta sortu berriaren lan baldintzak hobetzeaz arduratzea da.

Zentzu horretan, arreta berezia eskainiko zaio Eskualdeko enpresen lan osasunari, esparru horretan berariazko neurriak hartuz.

Horretarako, ezinbesteko baldintza da inplikaturiko agente guztiek batera parte hartzea (Administrazioa, enpresak, sindikatuak eta mutualitateak), Laneko Osasun Mahaia osatuta. Laneko ezbeharren aurka borroka egiteko baterako lanerako topaleku eta eztabaida gune izango litzateke mahai hori.

Lan osasunarekin duen harreman zuzena dela eta, lan osasuna eta lan arriskuen prebentzioa lantzen duen ildo estratejikoko ekintza guztietan OSALAN-en lankidetza bilatuko da.

Laneko Osasun Mahai hori sustatzeko, honako hau sortu nahi da:

Laneko Osasunerako esparrua

Laneko osasunarekin loturiko hainbat agente (sindikatuak, enpresak, mutualitateak...) elkartzeko esparrua izango litzateke, gogoeta eta eztabaida egiteko, jardunaldiak antolatzeko, dokumentazioa kontsultatzeko... lekua, eta erreferentzia esparru bilakatuko litzateke laneko osasunaren alorrean.

 

Inplikatutako agente guztien: sindikatuak, enpresak, Administrazioa (Osalan), mutualitateak, ordezkarien elkarrizketa, gogoeta, prestakuntza eta lan bilerak

Laneko Osasunaren esparruaren barruan, Laneko osasun mahaiko kideekin bilerak egitea proposatzen da, bai Eskualdeko ezbeharren inguruko datuak aztertzeko bai laneko osasunarekin eta laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako jarduerak antolatzeko (esate baterako, subkontratazioaren eta enpresetan gertatzen diren istripuen arteko loturaren inguruko gogoeta).

Horrekin lortu nahi dena da laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan inplikaturiko agente guztien artean lankidetza bultzatzea, ahaleginak elkartu eta arazoa ikuspuntu guztietatik begiratuta lantzeko.

 

Eskualdeko Laneko Osasun Mahaiak erabakiak hartzeko tresna gisa, laneko ezbeharren tokiko behategia sortuko da, eta hartan bilduko dira laneko istripu eta gaixotasunei buruzko datuak.

Zentzu horretan, hainbat jarduera proposatzen dira:

Laneko osasunaren egoera Bidasoa Eskualdean

Kontua da sektoreka eta enpresaka lan xehe bat egitea Eskualdeko laneko osasunaren, laneko arriskuen prebentziorako eta prebentzioaren kudeaketarako planen eta benetako egoeraren inguruan, bestek beste, kontu horren gainean berariazko neurriak hartzeko informazioa lortu ahal izateko.

 

Eskualdeko laneko osasun azterketa eguneratzea

Ezinbestekoa da informazio eguneratua edukitzea erabakiak hartzeko, eta horrenbestez, arestian aipaturiko azterketa hori urtero eguneratzea proposatzen da.

 

Eskualdeko enpresetako istripuei buruz hiruhilean behin txostenak argitaratzea

Enpresei nahiz, oro har, herritarrei laneko arriskuen prebentzioaren beharraren inguruan informazioa emateko eta sentsibilizatzeko, hiruhilean behin txosten bat argitaratzea proposatzen da Eskualdeko laneko istripuen nondik-norakoen informazioa eskaintzeko. Eskualdeko enpresen atean, eta gainerako agente inplikatuen artean banatuko da argitalpen hori.

Osalanen lankidetza bilatuko da argitalpen hori prestatzeko.

 

Laneko osasunaren alorrean dituzten betebeharren eta dauden laguntzen berri ematea enpresei

Laneko osasunaren alorrean legeak zehazten dituen betebeharren berri emango zaie enpresen arduradunei, baina horrekin batean, enpresaren onerako izango den inbertsio gisa laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeak ekarriko dizkien etekinak jakinaraziko zaizkie.

Horrekin laneko arriskuen prebentziorako legeak xedaturikoa betetzera bultzatzeaz gainera, sentsibilizazio lana egin nahi da laneko arriskuen prebentziorako kultura sor dadin.

 

Prebentzio inbertsioak suspertzea

Laneko istripuak edo/eta gaixotasunak baztertzeko enpresa askotan neurri zuzentzaileak hartzeaz gainera, komeni da prebentzio kultura sustatzea, hauxe da, enpresetan prebentzio izaerako inbertsioak egiteko beharra azpimarratzea, guztiok hainbeste kezkatzen gaituzten istripu edo/eta gaixotasun aukerak zuzendu ez ezik hasieratik baztertzeko ere.

Aurrerago zehazten den enpresei zuzendutako sentsibilizazio atalaren barnean sartuko litzateke jarduera hori.

 

Mugaz gaindiko elementua sartzea

Era berean, laneko osasunaren alorrean kontuan izango da hiriak duen mugaz gaindiko izaera eta enpresen arteko mugaz gaindiko hartu-emanen garrantzia. Laneko arriskuen prebentzioarekin loturiko alderdietan ere badu eragina horrek.

Horretarako, mugaz gaindiko elementua sartuko da abian jarriko diren jarduera desberdinetan. Legeriak alderatuko dira, adituek hitzaldiak emango dituzte, enpresa, sindikatu eta abarrekin esperientziak trukatuko dira, laneko osasunaren alorrean mugaren bi aldeetan dagoen errealitatearen ezagutu ahal izateko.

 

Jardunaldiak prestakuntza zentroetan, laneko segurtasunaren alorrean praktika onak dituzten enpresetara bisitaldiak barne

Akordio Orokorrak ezinbestekotzat hartzen du laneko arriskuen prebentzioak duen garrantziaren inguruan jendea sentsibilizatzea, lanean hasi aurretik ere, prebentzioaren kultura sortzeko bidean aurrera egin ahal izateko.

Horretarako, hainbat prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldi antolatuko dira alor horretan adituak direnek eskainita, laneko osasunarekin loturiko hainbat alderdiren inguruan. Jardunaldi horiek prestakuntza zentroetan egingo dira, eta ikasleei nahiz irakasleei zuzenduak izango dira.

Jardunaldi horien barnean sartuko dira laneko segurtasunerako neurriak hartzen dituzten enpresetara egingo diren bisitaldiak.

 

Prebentziorako sindikatuen ordezkariak eta enpresako arduradunak

Laneko arriskuen prebentzioan inplikaturiko pertsonen ezagutzak etengabean eguneratzeko xedean, hainbat jardunaldi tekniko antolatuko dira, adituen eskutik, laneko osasunaren alorreko egungo gaiei eta berrikuntzei buruz.

 

Aplikazio praktikoak

Kontua da laneko arriskuen prebentzioaren alorrean enpresa zehatzek hartutako neurrien erakustaldi praktikoak antolatzea, neurri horiek sektoreko gainerako enpresentzako interesgarriak izan baitaitezke eraginkorrak direlako edo/eta berriak direlako.

Horrekin, gainera, enpresek beren ezagutzak zabaltzea eta beste enpresek hartutako neurri errealak ezagutzea lortu nahi da. Halaber, enpresen artean komunikazioa eta esperientzien trukea bultzatzea da asmoa.

 

Esperientziak trukatzeko foroa

Aipatutako guztiaz gainera, Akordio Orokorraren web orrian esparru bat egokituko da laneko arriskuen prebentzioaren alorrean lan egiten duten pertsonen artean komunikabide izan dadin. Horren bidez, esperientziak trukatzeko beste tresna bat jarri nahi da jende horren eskura, teknologia berrien erabilera sustatzeaz gainera.

 

Bestalde, garbi dago enpresa txikiak direla laneko arriskuen prebentziorako neurriak ezartzeko zailtasun handienak dituztenak, bai ekonomia baliabiderik edo denborarik ez izateagatik bai beren betebeharrak ez ezagutzeagatik. Horretarako, laguntza zerbitzua eskainiko zaie laneko osasunaren alorrean beren egoera hobetzeko interesa duten enpresa txiki eta ertainei (pymes). Zerbitzu horrek emango die dituzten betebehar, laguntza edo dirulaguntzen berri.

Zentzu horretan, hona hemen proposatzen diren jarduerak:

Prebentzio zerbitzu mankomunatua

Akordio Orokorraren barruan zerbitzu mankomunatu baten sorrera planteatu da enpresa txikietan laneko arriskuen prebentziorako egoera hobetzeko alternatiba egoki gisa.

Halatan, gure inguruko enpresen artean prebentzio zerbitzu mankomunatua ezartzeari buruz bideragarritasun azterketa egitea proposatzen da hasiera batean, zerbitzu hori ezartzeko aukerak ezagutzeko.

 

Laneko arriskuen prebentzioaren alorreko zerbitzu publiko eta pribatuen hedapena

Kontua da laneko arriskuen prebentzioaren alorrean enpresentzako interesgarriak izan daitezkeen zerbitzu publiko eta pribatuei buruzko informazioa biltzea, eta haien eskura jartzea bai Akordioaren web orrian bai Laneko Osasunaren Esparruan.

 

Akordio Orokorretik, eta laneko osasunaren ildotik, garrantzitsutzat hartzen den beste alderdi bat eta laneko arriskuen prebentzioarekin loturik egongo dena, ingurumena zaintzea da. Hauxe da, ingurumena kontuan hartzea laneko arriskuen prebentzioarekin eta lurraldearekiko erantzukizunarekin loturiko faktore gisa.

Zentzu horretan, Tokiko Agenda 21ekin koordinatuko dira abian jartzen diren jarduerak, ahaleginak eta baliabideak elkartzeko eta ahal den jarduera guztietan lankidetza bultzatzeko.

Ildo estrategikoa guztira: 439.800 €


ORRI-OINA:

Bidasoa bizirik

Iparralde etorbidea z/g - KOSTORBE Eraikina 20304 Irun (Gipuzkoa)

Tel.: 943 633 076 Fax.: 943 633 963 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com